Filed under: Uncategorized
Egia esan, ez naiz etxean animaliak edukitzekoa, baina kontuak kontu, alaba nagusiak hiru urte inguru zituenetik, beti egon da gure artean ingelesek “pet” deitzen dioten horietako bat.
Lehenengo bisitaria arrain gorrixka bat izan zen. Felix ipini genion izena. Arrain-ontzi borobil bat urez bete, barrena harriz eta plastikozko landare pare batez apaindu, eta han bizi izan zen gure Felix urtebete inguruan. Zapatu goiz baten ahul samar zegoela somatu nuen eta hurengo egunean gorpu hila aurkitu nuen lepoa eta buztana alde batera zituelarik. Lastima.
Harrez gero beste sei Felix gehiago eduki ditugu. Horrela bataiatu ohi ditugu gainera: Felix I, Felix II, Felix III… eta Felix VII. Momentuz hor bukatu da Felix-tarren saga. Batzuk bizpahiru hilabete besterik ez dute iraun, baina Felix VI nahiko borrokalaria suertatu zitzaigun. Egun baten, lanera joateko jaiki eta oraindik erdi lo nengoela, arrain-ontzia hutsik zegoela somatu nuen. Hala, non da ba Felix? Ba, lurrean zegoen, ziku-ziku eginda. Niri yu-yu apur bat ematen dit horrela, hotzean, animaliatxoak zakarrontzira botatzea, eta uretara bueltatu nuen. Esperantza neukan senarra konturatuko zela arrainaren heriotzaz eta berak desagertu erangingo zuela.
Baina ilunkaran, etxera bueltatzean, han non aurkitu nuen gure laguna bizi-bizirik eta inoiz baino alaiago. Egia esan, arrain hau nire idolo bihurtu zen azken hatsa bota zuen arte. Gero VII etorri zen, baina gutxi iraun zuenez, ez genion VIII-ari aukerarik eman. Izan ere, textu hau idazten ari naizela begiak jaso ditut eta irriparrez begiratu diot liburu artean, apal batean, hutsik daukagun arrain-ontziari. Ez pentsa adorno moduan zatar geratzen danik!!
Baina, nahiz eta Felix-ak ekarri ditudan nire hausnarketara, gaur Martin-i dedikatu nahi nioke tarte hau. Martin kanarioa da. Bueno, zan. Lehenengo Martin I-en jabe izan ginen: txori kantaria, oso politta, bere larua desberdina bait zen, laranja koloreekin nahastua. Hainbat urtetan haurtxo bat gehiago bait litzan zaindu genuen. Batez ere nire amak, etxera etortzen zen bakoitzean, kaiola goitik behera garbitzen zion eta hizketaldi luzeak edukitzen zituzten elkarrekin. Nik ez daukat talante hori, baina asko disfrutatzen nuen txoriaren kantu luze alaiarekin.
Martin I alaba txikiak hiru urte zituela joan zen gure aretik, eta kaiola hutsik ikusteak hain goibel jartzen gintuenez, beste Martin bat ekartzea erabaki genuen: Martin II. Zoritxarrez, II-a oso bestelakoa izan da: gutxi kantatu eta asko zikindu izan dira bere bi ezaugarriak, eta noski, horrela ez du jakin gure maitasuna irabazten.
Hala ere, geurea zenez, jaten ematen genion, ura aldatu, balkoiko epeltasunera atera, etxean hotzetik babestu, …, minimo guztiak soberan beteta.
Baina gaur lutoz jantzi behar izan gara. Bazkal ostean, harrikoa egin eta gero, erratza hartzera atera naiz balkoira eta atea zabaltzean han non ikusten ditudan luma mordoa lurrean bueltaka. Zer gertatu da? Bihotza taupadaka hurbildu naiz txori-kaiolara baina ezer ez. Ez txoririk eta ez lumarik barruan. Atea itxita. Odol arrasto bi, bata alpiste kutxaren ondoan eta bestea goi aldean. Ez dakigu zer gertatu den. Katuren bat? Beste txoriren bat (arranoa ote?)? Arratoi handiren bat? Ideiarik ere ez. Baina izan dena izan dela, lana txukun egin du. Misterioan murgilduta utzi gaitu etxekook. Ez dugu gorpua aurkitu, baina ez dakigu nola atera duten barrote artetik. Hori bai, ondo lumatuta eraman dute gaixoa.
Inork suizidio edo asesinato antzekoren baten berri baldin badu, eskertuko nizueke nirekin kontaktuan jartzea gertatutakoaren azalpen baten lasaitasunean bizi gaitezen. Bitartean, guk, bihar kaiola bota egingo dugu, bada ez bada ere, malefizio batek jota egon daiteke eta.
Uff, hau ikara!!
No Comments so far
Leave a comment
Leave a comment
Line and paragraph breaks automatic, e-mail address never displayed, HTML allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>